XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IZTEGIA GAZTELERA-EUSKERA

Nork ez du ezagutzen, euskaltzaleon artean bereziki, Mujika`ren Iztegia? Iztegi ezagunik baldin ba`da Euskalerrian, Azkue`rena ezik, Mujika`rena dugu mardulena, edatuena, erabilliena.

Sei urte baiño leenago zortzi milla eta geiago saldu ondoren, zearo agortu zan.

Eta orra orain berri-berria.

Obeto esanda: argitaraldi berria, Iztegia bera era-berriturik eta gazteturik dugula.

Zertan jardun, Mujika`ren Iztegia goraipatzen? Lenengoa ezagutzen duanak, ba-daki nolakoa dan.

Oraingoaren bereiztasun batzuk izendatuko ditugu.

Mujika jesulagunak berak itzaurrean gazteleraz diona bera esango genduke laburturik: Iztegi au eratzekoan, garbitu, laburtu eta arindu egin duala.

Lenengoaren aberastasun ber-berak ditu.

Geiegizko gauza batzuk kendu dizkio, bearrik gabeak.

Eta beste gabe, erabilliko duan irakurlearentzat, egokiago eta argiago gelditu dira gauzak.

Asko eta askoren eskabideek eragin diote bigarrengoz Iztegia argitaratzera.

Ez du nolanaiko lana artu, ainbeste millaka itz aztertu eta aukera egiten! Eta guztia, eskuetan erabilliko dutenentzat egokiagoa izan dedin.

Eta merkeago izan dedin ere bai.

Gaurko aurrerapenak dirala-bide, leengo ber-bera argitara zitekean bere artan; lan berririk artu gabe, ez laburtzen eta ez aldatzen, oso-osorik argitaratu.

Ori zan nere iritzia.

Gogoratzen naiz agertu niola iritzi ori A. Mujika`ri, denborarik ez galtzeko; ortan eman bearreko orduak, sartzeko Euskera-Gaztelera Iztegia gertutzen.

Baiña beti bezela, irakurleen eta erosleen kezkaz ibilli oi da.

A. Mujika.

Aalik eta merkeen atera nai zuan.

Merkeen eta garbien, erraz eta argi, edozeinentzat laguntzaille ona izan zedin.

Orregatik artu du alako lana eta azkenik buruturik ikusten dugu neke ugarien emaitza.

Naiko atsekabe du A. Mujika`k, berak uste ta nai baiño garestiago gertatu zaiolako.

Guztira 890 laurleko.

Asko dala eroslearentzat?.

Bi gauzatxo esango nituzke.

Batetik, bazituala merkeago eskeintzeko asmoak ere.

Baiña... Esaterako, arpidetueri, euneko 30 laurlekoz merkeago eman nai zien.

Ori ere, ordea, debekatu egin diote Madril`dik.

Berak du naigaberik aski.

Bestalde, garesti dan ala ez esateko, kontuak atera bear ditugu.

Liburu aundi eta mardula da:1.027 orrialde, danak itzez ongi beteak.

Beste liburu batzueri begiratu besterik ez dago.

Orra beste iztegi bat: LUR argitaldariak atera duana, Arestiar`ek egiña.

Kontuak atera bitza irakurleak eta auxe ikusiko du: bost alakoz izki, itz eta lan geiago duala Mujika`ren Iztegiak.

Ez da jolasa, bost alakoz geiago.

Eta salneurria? Arestiar`ena 500 laurlekotan saltzen dalarik, bost alako lan duanez, saldu ere bost alakoz saldu bear ba`litz, 2.500 laurleko izango litzake salneurria Mujika`ren iztegiarentzat.

Koska ona gelditzen da 890 laurleko izatetik.

Berri pozgarria, bai, Iztegi berritu onen agerpena.

Baiña ori bezain pozgarria da, A. Mujika bera lanean ari dala aspergabe.

Eta ez jolaseko lanetan.

Txantxetan ere, alderantzizko Iztegia gertutzen: EUSKERA-GAZTELERA Iztegia.

Ona emen Mujika beraren itz batzuk, nere galdera zenbaiti erantzunaz: Euskal-gaztelerazko Iztegia ere egiten ari naiz, eta lan ontarako 640.000 txartel edo fitxa dauzkat bilduta.

Fitxa auek, ordea, naastuta daude oraindik, abedez zuzen ipiñi gabe, alegia.

Euskeratik gaztelerara itzuliak, baiña abedearen araberan antolatu gabeak.

Fitxa oiek alfabetoz bakoitza bere tokian ipintzeak, bi urte kenduko dizkit eta geixeago ere bai bear bada.

Egunean 2.000 txartel zuzendu arren ere, bi urtetik gora bearko ditut.

Fitxa oiek guztiak abedez bakoitzari dagokion eran zuzen ipiñi ondoren, orduan asiko dut idaz-lana.

Ez ditut danak sartuko.

Bat artu ta bestea utziaz, bear dudana aukeratu ondoren, orduantxe asiko naiz Iztegia egiten edo idazten.

Iztegi-lanak luzeak dira eta aspergarriak benetan; nere ustez, idaz-lan guztietan aspergarrienak..., baiña nai ta nai ez, egin-bearrak.

Saltsa oietan sartu ez danak, ez daki zer dan Iztegi aundi bat egitea.

Ondo ere ondo dio.

A. Mujika`k, aundiak eta aspergarriak dirala iztegi-lanak.

Baiña ongi daki.

A. Plazido`k iztegi-lanen berri.

Latiñezko eta Gerkerazko Iztegiak ere egin eta argitaratuak ditu-ta.

Ona emen Mujika iztegi-gillearen itz batzuk geiago: Euskal-gaztelerazko Iztegia nai dutenak, gerorako utzi gabe, ORAINTXE BERTAN asi ditezke beren izenak ematen.

EZ UTZI GERORAKO!.

Aurretik askok eskatzen ba`dute, argitaraldia aundiagoa izango da, eta Iztegia merkeagoa

Gure esku dago, beraz, Euskal-Iztegi ori azkar eta merke gertatzea.

Mujika jesulagun ospetsuak, langille aspergabe ta porrokatuak, or jarraituko du lanean.

Lanean? Bai ote da Euskalerri osoan euskal-langillerik A. Mujika`k baiño ordu geiago sartzen dituanik euskera-lanetan? Egunean amar ordu bete-beteak!.

Eskabideak egiteko: P. Placido Mugica, S.J.- Santuario de LOYOLA (Azpeitia).

GAZTAÑAGA`K.